Agerraldia egin dute arratsaldean Bizkaiko metalgintzaren mahai negoziatzailea ordezkatzen duten lau sindikatuek. Horrela, goizeko bileraren balorazioa egin eta patronalaren negoziatzeko borondate eza ikusita, hemendik aurrerako urratsen eta mobilizazioen berri eman dute.
Prekarietatea gainditzeko edukiak lortzea da Bizkaiko metalgintzaren helburu nagusia, besteak beste, soldata igoerak, subrogazio eskubidea, genero berdintasuna eta aldi baterako enpleguak aldarrikatu dituzte azken hilabete hauetan. Plataforma sindikal bateratuari 'oso eskasa' iruditu zaio FVEMk batzarrera eramandako eskaintza, hortaz irailaren 30etik hasita urriaren 4ra arte, bost eguneko greba deialdia luzatu dute.
Hurrengo mahaiko bilera irailaren 18an finkatu dute, goizeko 12:30etan. Bost greba egunez gain, datozen egunetarako ere hainbat mobilizazio deitu dituzte:
Alde batetik, irailaren 12an, osteguna, jazarpen sindikala salatzeko Bilboko Portu aurrean 13:30etatik 14:30etara elkarretaratzea egingo dute, Haizea Wind enpresaren jarrera salatzearren. Bestetik irailaren 21ean, larunbata, manifestazioa deitu dute goizeko 12:00etan Euskadi Plazatik abiatuta Areatzako zubira arte.
Bitartean Bizkaiko metalgintzaren borroka gehiago sozializatzea erabaki dute, kolektibo sozial ezberdinekin bilera eginez baita Bizkaiko Foru Aldundian zein lurraldeko hainbat Udaletan gatazkari buruzko mozioak sartzen.