"No es lo que hay" jardunaldiak antolatu ditu Eraginek Bilbon

uriola.eus 2019ko ira. 29a, 12:46

"No es lo que hay" lemapean urriaren 19an, larunbata, Bizkaiko eta inguruko eskualdetako gazte langileen topaketak egingo ditu Karmela espazioan. 

"Prekarizazio eta ofentsiba neoliberalari aurre egiteko" gazte langileen fronte bat sortzera deitu du Bilboko Gazte Prekarizatuen asanbladak.

Egitarau aldetik, formakuntzarako tartea egongo da goizean zein arratsaldean hainbat hizlarien eskutik. Gonbidatuen artean, Helena Franco, Gipuzkoako ogasun eta finantza diputatu ohia, Carlos Sanchez Mato, politikari eta ekonomista eta Pello Igeregi, ELA sindikatuko negoziazio kolektiboaren arduraduna izango dira besteak beste. Formakuntzaz gain, arratsaldean burutuko diren gazteen eztabaida mahaiak azpimarratu nahi izan ditu asanbladak. Honen arabera, hori baita jardunaldien helburu nagusia, "gazte langileok batu eta elkarrekin bakoitza bere eremutik antolatu eta aktibatzea". 

 

Orain arteko ibilbidea

Azken hilabeteetan ezaguna egin da Eragin, Gazte Prekarizatuen Asanblada, lan sektore ezberdinetan langileek pairatzen duten prekarizazioa argitara emateagatik. Horrez gain, hainbat enpresaren praktiken salaketak ere aurrera eraman ditu.

Dinamika aipagarrienak apustu etxeen atzean dagoen "negozioa" eta BBK Live jaialdiko langileen lan baldintzen salaketa izan dira, horrez gain, Glovo eta Deliveroo bezalako enpresek langileak kontratatzeko daukaten erregimenaren kontzientziazioa nabarmendu dute azken asteotan.