Urriaren 4ra bitartean luzatuko da Bizkaiko metalgintza arloko greba. Patronalarekin lan hitzarmena berritzeko akordio baten faltan, bost eguneko grebari ekin diote langileek. Joan den astean bi bilera egin zituzten sindikatuek eta patronalak, eta jarrera hurbilketa egon zen arren, patronalaren proposamena sindikatuen eskaeretatik urrun dagoela nabarmendu zuten azken hauek. Horregatik bost eguneko greba astea mantentzea erabaki zuten.
ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, USO, eta CNT sindikatuek hainbat mobilizazio deitu dituzte datozen egunotarako. Gaur egin dute lehena, 11:30ean Euskadi plazatik abiatu den manifestazioarekin. Arraiaga plazaraino joan dira langileak, eta bertan astelehenero Udaletxe aurrean biltzen diren pentsiodunen babesa jaso dute.
Nork bere aldarri eta zehaztapenekin, borroka beraren parte direla aldarrikatu dute. Elkartasuna adierazi nahi izan diete pentsiodunek metaleko beharginei eta "gaurko eta etorkizunerako pentsio publiko eta duinen alde" borrokan jarraituko dutela azaldu dute.
Mobilizazioek etenik ez
Bihar Zornotzan eta Erandion egingo dituzte manifestazioak. Urriaren 2an, asteazkenean, eserialdia egingo dute Bilboko Kale Nagusiko 85. zenbakian, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, hain zuzen. Ostegunean, berriz, manifestazioak antolatu dituzte Sestaon eta Basaurin. Urriaren 4an, ostiralean, grebari amaiera emateko azken mobilizazioa San Mamesetik eta IMQ Zorrotzaurretik abiatuko da, goizeko 11:30ean.