Gaur hasiko da metalgintzako langileen bost eguneko greba

uriola.eus 2019ko ira. 30a, 10:34

Irailaren 30etik urriaren 4ra arte greba deitu du Bizkaiko metalak. Gaurko manifestazioa 11:30ean abiatuko da Euskadi Plazatik Arriaga plazaraino.

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, USO, eta CNT sindikatuek hainbat mobilizazio deitu dituzte datozen egunotarako. Hilabeteak daramatzate metalgintzako langileek FVEM patronalarekin biltze lan hitzarmen duin bat lortu eta baldintzak hobetzeko helburuarekin. Akordio baten faltan bost eguneko grebari ekin diote.

Gaur emango diote hasiera grebari 11:30ean Euskadi plazatik Arriaga plazaraino egingo den manifestazioarekin. Bihar manifestazioak deitu dituzte Zornotzako Zelaieta parketik zein Erandioko metro geltokitik.

Urriaren 2an, asteazkenean, eseritzea egingo dute Bilboko Kale Nagusiko 85. zenbakian, Eusko Jaurlaritzaren aurrean hain zuzen. Ostegunean berriz manifestazioak antolatu dituzte, oraingoan Sestaon eta Basaurin izango dira. Urriaren 4an, ostiralean, grebari amaiera emateko azken mobilizazioa San Mamesetik eta IMQ Zorrotzaurretik abiatuko da, goizeko 11:30ean.