Altsasuko gazteei babesa adieraziko diete bihar Bilboko kaleetan

uriola.eus 2019ko urr. 9a, 16:41

2018ko ekainaren 6ko manifestazioa

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia jakin berritan mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko txoko guztietan. Bilbon bihar egingo dute manifestazioa, 19:30ean Arriagako plazatik irtenda.

Espainiako Auzitegi Gorenak argitu du epaia, eta irmoa da: Altsasuko auzian kartzelan dauden zazpi gazteek preso segitu beharko dute, espetxe zigorrak murriztu dizkien arren. Hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko kartzela zigorra ezarri die. Horietako batzuek laster hiru urte beteko dituzte preso, 2016ko abuztuaren 16tik.

Auzitegiak ez du ideologiagatiko astungarririk ezartzeko arrazoirik ikusi, eta horregatik jaitsi dizkie Altsasukoei kartzela zigorrak. Agintearen aurkako erasoaren kasuan, ez du gehiegikeria zantzurik ikusi, eta akusatuetako biri bertan behera utzi dizkie lesio delituengatiko zigorrak, froga nahikorik ez zegoelako.

Hala ere, preso dauden zazpi altsasuarrek kartzelan jarraitu beharko dute. Gurasoek erabakia kritikatu dute: "Gorenaren erabakiak injustiziari jarraipena eman dio eta gure semeak kartzelan mantendu ditu".

Gazteei elkartasuna adierazteko hainbat mobilizazio deitu dituzte Euskal Herrian. Bilbon ostegunean, urriaren 10ean, egingo dute protesta, 19:30ean Arriagako plazan.