Kataluniako epaiaren aurka euskal gehiengo sindikalak mobilizazio deialdia zabaldu du urriaren 18an

uriola.eus 2019ko urr. 16a, 17:38

LAB, ELA, STEILAS, ESK, ETXALDE eta HIRU sindikatuek deituta, elkarretaratzeak egingo dituzte ostiralean lan munduan 

Agerraldia egin du gaur goizean Bilboko Arriaga Plazan euskal gehiengo sindikalak, Kataluniako procesari buruzko epaia ezagutu bezain laster hau salatu eta mobilizatzeko deia zabaldu dute. Demokraziaren, elkarrizketaren eta politikaren aldeko jarrerari eutsi eta egoeraren aurrean premiazkotzat jo dute mobilizatzea. 

Ostiralean elkarretaratzeak egiteaz gain, urriaren 19an, larunbatean Gure Esku Dagok Donostian deitutako manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu diote ere lan munduari.

Elkarretaratze gehiago

Sindikatuak ez dira Kataluniaren epaiaren aurka mobilizatuko diren bakarrak. Atzo goizean agerraldia egin zuten Bilbon Ezker Abertzaleko kideek. Bihar berriz, Ernai Gazte Antolakundeak manifestazioak deitu ditu Euskal Herriko hiriburuetan Ez dugu onartzen lemapean. Bilbokoa goizeko 12:00etan abiatuko da, Arriaga plazatik.