Euskal Herriko pentsionistek mobilizazio gehiago iragarri dituzte datozen hilabeteotan

uriola.eus 2019ko urr. 22a, 15:03

Argazkia: Ecuador Etxea

Agerraldia egin du gaur Bilboko udaletxeko sarreran Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak. Bertan "promesen garaia" amaitutzat eman eta datozen hilabeteotan mobilizazio orokorrak iragarri dituzte, oraingoan hainbat sektore sozialen babesarekin. 

Dagoeneko 22 hilabete daramatzate pentsionistek borrokan. Gaurko agerraldian azaldu dutenez, borroka hau hasi zutenean lorpen txikiak izan zituzten baina egun indarrean dauden lan eta pentsio legediekin, ezinezkoa da lorpen horiek gauzatzea. Horregatik "politikarien aldetik promesa gutxiago eta egin gehiago" behar dituzte. 

Egoera ikusita aurrerapausoa eman eta mobilizazioekin jarraitzeko erabakia hartu dute. Azaroaren 16an Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñan manifestazioak egingo dituzte. Lurralde bereko legebiltzarretan ere kontzentrazioak egingo dituzte Abenduan. 

Mobilizazio orokorra berriz urtarrilean egingo dute Pentsionisten mobilizazioen bigarren urteurrenarekin kointzidituz. Ikasle eta gazte mugimenduen, mugimendu feministaren eta batuko diren sindikatuen babesarekin mobilizatuko dira.