Negoziazioen nondik norakoen berri eman eta ostean bozketa egin zuten futbolariek. Egungo egoera ikusita, greba egitearen alde guztira 230 bozka irten ziren. Joan den urteko azaroaren 8an hasi zituzten Espainiako Ligako emakume futbolarien lehen hitzarmena negoziatzeko bilerak eta aldebiko desadostasunak atzerapena eragin du.
Orain arte egin diren bileretan lanaldiaren iraupena gutxienez %75ekoa izatea da futbolariek eskatu dutena. Kluben elkarteak eskaera ezeztatu eta berriz, iraupenaren muga %50ean jarri du; bertan dago bi aldeen arteko desadostasun nagusia.
Atzo argitu bezala, ezinezkoa da zehaztea greba noiz hasiko duten, izan ere oraindik tramitazioaren zain daude. Dakiten gauza bakarra da mugagabea izango dela.