Voxen aurkako protestan atxilotutako hiru lagunak aske geratu dira

uriola.eus 2019ko aza. 7a, 12:50
Argazkia: Ernai Bilbo

Hiru pertsona atxilotu zituen Atxuri auzoan Ertzaintzak atzo, Voxen hauteskunde ekitaldi baten aurka protestatzeagatik. Horrez gain, pertsona bat zauritu eta beste bi identifikatu zituen.

Hauteskunde kanpaina gunea jarri zuen Voxek atzo arratsaldean Atxuriko Enkarnazio plazan. Inguruko herritarak hauen aurka protesta egitera hurbildu bezain laster, Ertzaintzaren hainbat furgoneta agertu ziren. Momentuan 3 lagun atxilotu zituzten, eta goizeko ordu bata aldera arte Deustuko komisaldegian egon dira. Bestetik, zauritutako gaztea Basurtoko Ospitalera eraman behar izan zuten. Atxilotuei agintearekiko desobedientzia eta Hauteskunde Legea urratzea leporatzen die Ertzaintzak. 

 

Deialdi antifaxistak gaur eta bihar 

Egoerari erantzuteko asmoz, gaur arratsaldean kontzentrazioa deitu dute Atxuriko plazan arratsaldeko 20:00etan. Bihar berriz, Ekainak 28 Koordinadorak, SOS Arrazakeria Bizkaiak eta Sare Antifaxistak deitua, Kristal Hautsien Gaua egingo dute Arriaga plazan arratsaldeko 19:00etan.