Azaroa amaieran 8 eguneko greba egingo zutela aurreratu zuten ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuek joan den hilabetean. Orain, FVEM patronalak egindako proposamena onartzeko bidean, egitekoa zen greba bertan behera utzi dute.
Akordiorako oinarri bat adostu dute LAB, CCOO eta UGT sindikatuek patronalarekin, ELAk berriz akordioarekin bat egin gabe proposamena aztertzeko denbora gehiago behar duela adierazi du. Sindikatuak igorritako idatzi batean "gai batzuk hobetu behar direla" uste du, horrez gain, aurreko hitzarmenetik atzerapausoren bat gertatu dela ere adierazi du.
LABen arabera sinatutako aurreakordioa historikoa da, orain arte industria sektorean ez zeuden edukiak lortu baitituzte:
Berdintasun batzorde bat sortzeko konpromisoa hartu dute emakumeen diskriminazioari aurre egiteko neurri bezala. Gainera, mantenua egiten duten langileentzat subrogazioa onartu da. Beste alde batetik, kontratazio zuzena bultzatu eta ETT bidezko kontratuak desagertzeko bidea ireki da besteak beste.