Beldur eta asimilaziotik, ofentsiba eta antolakuntzara igarotzeko helburua hartuta deitu ditu Eraginek gazte langileak mobilizatzera.
Krisiaren hasieratik Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen soldatek %20ko jaitsiera sufritu duten bitartean, aberatsen %10ak bere irabaziak handitu dituela adierazi dute, asanbladak igorritako idatzi batean. Gazte langileriak egun bizi duen prekarizazio prozesua "es lo que hay" lemapearen baitan normalizatu egin izana eta, ondorioz, gazteak edozein lan baldintza onartzera bultzatzen dituztela salatuko dute berriz ere ostiraleko mobilizazioan.
Funtsean langileek sufritzen duten esplotazio eta prekarietatearen aurka, gazteak txirotzen dituen apustu etxeen aurka eta kapitalismoaren zein patriarkatuaren tresnen aurka agertuko da Eragin azaroaren 28an "amesgaiztoak antolatuta eta haginak zorroztuta".