Euskaraldia

"Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan" lemapean aurkeztu dute Euskaraldia 2020

uriola.eus 2019ko abe. 3a, 14:59

Bilboko Itsas Museoan egindako ekitaldian datorren urteko Euskaraldiak izango dituen berrikuntzak aurkeztu dituzte. Besteak beste belarriprest eta ahobizi figurei elementu berria gehituko zaizkie: ariguneak, euskaraz hitz egiteko gune babestuak alegia.  

"Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan" lemapean, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean bigarren Euskaraldia izango dugu Euskal Herri osoan. Helburu nagusia euskararen erabilera areagotzea izango da, hiztunen hizkuntza ohituratan eraginez eta euskaraz aritzeko guneak zabaldu eta areagotuz.

Ahobizi eta belarriprest figurekin batera, berrikuntza bezala, ariguneen elementua gehituko zaio ariketa sozialari. Arigunea osatuko duten kide guztiek euskara ulertzeaz gain, euskaraz harremandu nahi dutenekiko aldekotasuna adierazi beharko dute ariketak iraungo duen 15 egun horietan. Ariguneak, entitateek identifikatutako euskaraz aritzeko gune babestuak izango dira, horiek horrela entitateen barne funtzionamenduan edo herritarrekin izango duten harremanetan euskararen erabilera erraztea izango da hauen helburua.

Itsas Museoan egindako aurkezpen ekitaldian, Euskaraldian parte hartuko duten eta dagoeneko izena eman duten 15 entitate aurkeztu dituzte, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Athletic Fundazioa, Euskal Herriko Meatzarien Museoa, eta Euskal Herriko Laborantza Ganbara besteak beste. 

Datozen hilabeteetan entitate horietan zein beste batzuetan ariguneak sortzeko prozesua abiatuko dute euskaraldiari begira prest egon daitezen. 

Rita Aldabaldetrekuk, Euskaraldiaren koordinatzaileak, emandako prentsaurrekoan "ekimenaren izaera progresiboa" azpimarratu eta 2020ko ariketak herritarrak taldeko erabakiak hartzera bultzatzea ere xede duela adierazi du. 

Hurrengo hilabeteetarako kontuan hartu beharreko datak:

2019ko ekainetik abendura: herri batzordeen izen ematea

2019ko azarotik 2020ko uztailera: entitateek ariguneak identifikatu, kideen adostasuna lortu eta izena emateko tartea

2020ko irailetik 2020ko azarora: belarriprest eta ahobizien izen ematea

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra: Euskaraldia