Barneko etxeko langile baten lan heriotza salatu du euskal gehiengo sindikalak

uriola.eus 2019ko abe. 5a, 12:21

Irudia: LAB

ELA, LAB, ESK, STEILAS eta HIRU sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur 12:30ean Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean. Abenduaren 7an, larunbata, arratsaldeko 19:00etan emakume talde eta erakunde feminista desberdinetako kideek zendutako emakume langileari omenaldi eta agurra egingo diote Bizkaiko Aldundiaren aurrean. 

2019. urtean, guztira 44 langile hil dira lanean edo lanaren ondorioz Euskal Herrian. Azkena, barneko etxeko langile baten heriotza izan da, ondoezik sentitu eta ospitalera joan ostean, egun batzuen ondorioz zendu egin dena. 

Barneko etxeko langileen lan eta bizi baldintzak bereziki larriak direla adierazi du Euskal gehiengo sindikalak. Jatorri anitzeko emakumeek osatutako sektore hau, lan osasunaren ikuspegitik, Prebentzio Legetik kanpo geratzen den sektorea da eta ondorioz ez dago inolako erregistro ez estatistikarik langileek pairatzen duten lan egoeraren inguruan. 

Salatu dutenez heriotza hauek "lan eta bizi baldintzen prekarizazioaren eta lan harreman ereduen ondorio garbia dira". Horrenbestez, ELA, LAB, ESK, STEILAS eta HIRU sindikatuek igorritako oharrean adierazi bezala, lanean eta borrokan jarraituko dute langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde.