2020an Athletic zuri-urdinez jantziko da berriz

Inozentzio Etxebarria 2019ko abe. 28a, 13:00

Aitor Elizegi buru duen taldeak zuri eta urdina berreskuratuko ditu urtarrilaren 1etik aurrera. “Erreparazio ariketa bat izan da” azaldu du Athleticeko presidenteak, Zuzendaritza-Batzordeak atzo egindako Ez-Ohiko Batzarraren ostean.

Athletic Clubek 110 urte iraun du zurigorriz. 1910ko urtarrilaren 9an jantzi zituen lehenengoz Irunen, bertako Sporting taldearen kontrako norgehiagokan, eta azkenengoz egin zuen pasa den abenduaren 22an Santiago Bernabeun. Istorio ezaguna da, Athleticeko jokalari batek elastikoak erosi behar zituen Ingalaterran eta zuri-urdinak hartu barik, Southamptoneko zuri-gorriak ekarri zituen Bilbora. Okerra zuzentzeko asmoz Athleticeko Zuzendaritza-Batzordeak jatorrizko zuri-urdinera bueltatzea erabaki zuen atzo egindako Ez-Ohiko Batzarraren ostean. “Ni ez naiz nor Athleticen filosofia aldatzeko” argitu du Aitor Elizegi presidenteak Ibaiganen eginiko prentsa-aurrekoan. Zehaztu duenez, sorrerako kamiseta zuri eta galtzerdi beltzera itzultzea deliberatu zuten hasiera batean, baina kontuan hartu zuten Bilbok berezko urdina duela eta Blackburn Roverseko kamisetan oinarritutako koloreak lehenetsi zituzten. “Erabaki salomonikoa izan da, batetik, gure historiari keinu bat egin nahi genion eta, bestetik, Bilbori San Mameseko eraikuntzan laguntzearren” erantsi du. Urtarrilaren 3an jantziko dute kamiseta berria Sánchez Pizjuanen jokatuko duen Sevillaren kontrako partidan. 

Zalegoan zenbat buru hainbat aburu 

Zaleen artean polemika piztu du erabakiak. Peña Deustuko Jon Ibarraren ustez, sustraietara bueltatzea erabaki ona izan da. Bere iritziz, Athleticek ez zituen kolore zuri-urdinak sekula aldatu izan behar eta positibotzat jo du neurria: “zuria eta urdina askoz konbinagarriagoak dira eta bakeroak jantziz gero, ez dut Atlético de Madrileko zalea emango”. Beste abantailaren bat ere aipatu du: “hemendik aurrera, ez gaituzte Atlético de Madrid edota Sportingekin nahastuko; baizik eta Erreala edota Alavésarekin [...] nahasmenak lagun diezaguke Zubietako edo Ibaiako jokalariak erakartzen, Oiartzabal, adibidez”. Hurrengo urratsa ere buruan du: “alda dezagun izena, izan gaitezen ‘Bilbo’, ez gaitzaten Atlético de Madrilekin nahas!”. Peña Pitxitxiko Maider Lopezek ez du erabakia gustuko izan, ordea. Bere ustez, 110 urteko historiarekin apurtu egin du klubak, bazkideei iritzia eskatu barik, gainera. “Aitor Elizegi bozkatu nuen pentsatu nuelako erabakietan aintzat hartuko gintuela” eta kezka agertu du: “zer izango da hurrengoa; atzerritarrak fitxatzea?”. 

Athleticeko aldagelan ere aldeko eta kontrako iritziak egon dira. “Ez nuen sekula pentsatuko berriz zuri-urdinez jantziko nintzenik” aitortu dute Óscar de Marcosek eta Yuri Bertxitxek. Arabarra keztatuta dago klubak hartu duen norabidearekin: “lehen Markel Susaeta ez zuten berritu eta orain koloreak aldatu nahi dituzte, klubak bere ikurrak atzean utzi nahi dituela dirudi”. Alde daudenen artean, Unai Simon eta Iñigo Martinez daude. Athleticeko atezainak azpimarratu du aldaketak ez duela beragan eraginik izango eta baloiak berdin-berdin gelditzen jarraituko duela. Ondarrutarra, halaber, oso pozik dago zuri-urdinez berriz janztearren. Twitterreko ohar batean adierazi duenez, aldaketak “Errealin bizitaku momentu onak” dakarzkio burura eta espero du kamiseta berriari esker “Errealeko afiziñuak” barkatzea. “Jakin ezkero, ez neban ekipue kanbiako” aitortuz amaitu du mezua. 

Ereserkia moldatuta 

Elizegi buru duen Zuzendaritza-Batzordeak hartutako neurriak aldaketa asko ekarriko ditu ezinbestean. Klubak iragarri duenez, urtarrileko lehenengo bi asteetan San Mameseko harmailak pintatzea asmoa du urtarrilaren 19an Celtaren aurka jokatuko duen partidan prest egoteko. Bestalde, ereserkia moldatzeko lanean hasi da Athletic eta hainbat musikarik osatutako lantalde bati eskatu diote, besteak beste, Fito Cabrales, Alex Sardui edota Aiora Rementeria. Letra Jon Maiak moldatuko du.