"Atera bidera, orain presoak" lemapean, sareren zenbaketaren arabera, 80.000 pertsona irten ziren Bilboko kaleetara atzo gobernu berriari egungo espetxe-politikan aldaketak eskatuz.
Baionako mobilizazioari lekukoa hartu eta arratsaldeko 17:00etan abiatu zen Bilboko martxa La Casillatik Udaletxera. Rosa Roderok, ETAren biktimak eta Axun Lasak, GALen biktimak, manifestazio amaierako manifestua irakurri zuten. Bertan, Euskal Herriak jasan dituen indarkerien bi biktima gisa aurkeztu eta "espetxeetako onuren kudeaketan diskriminaziorik ez izateko, presoak Euskal Herrira hurbiltzeko, gaixotasun larriak dituzten presoak eta adineko presoak askatzeko..." aldarrikatu zuten.
Halaber, Kataluniaren egungo egoera gogora ekarri eta bertako preso politikoei maitasuna eta elkartasuna helarazi egin diete.
Manifestazioa baino lehen emandako prentsaurrekoan, Arnaldo Otegik presoen eskubideak bermatzea eta espetxe politikaren aldaketa eskatzea "euskal gehiengo sozial, politiko eta herritarrak exijitzen duen demanda" dela azpimarratu du.