'Bilbotik itsasora' XXVIII Bizi Martxa abiatuko dute urtarrilaren 25ean

uriola.eus 2020ko urt. 22a, 10:51

Bizikletentzako bide seguru bat eskatzea helburu, urtarriletik martxora arte hileko azken larunbatetan, "Bilbotik itsasora" bizikleta martxak antolatu ditu Biziz Bizi elkarteak. Martxa guztiak goizeko 11:00etan abiatuko dira Foru Aldundiko eraikinetik (On Diego Lopez de Haroko kale nagusia).

Itsasadarraren eskumako aldean, hots, BI-711 errepidean zehar, bizikletentzako bide seguru baten alde urtarrilaren 25ean, otsailaren 29an eta martxoaren 28an bizikleta martxak antolatu ditu Biziz Bizi elkarteak. Izan ere, elkartearen arabera bidegorri hori aurrera eramateko planak duela 20 bat urte hasi arren Instituzioek oraindik ez dute hau eraikitzeko aurrerapausorik eman. 

Egingo diren hiru martxak Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinetik abiatuko dira goizeko 11:00etan eta Deustu, San Inazio, Lutxana, Erandio eta Leioa herriak igaro ostean 14:00etan Areetako Geltoki plazara helduko da, abiadari amaiera emanez.