ELA sindikatuak adierazi duenez, hiru urte daramatzate Bizkaiko etxez etxeko langileak hitzarmen berri baten alde borrokatzen. Hiru urte horietan, 40 greba egun baino gehiago egin dituzte, baina patronalek zein udalek "inmobilismoan jarraitzen dute".
Azken honetan, ELA, LAB eta UGT sindikatuek 3 eguneko greba deitu dute. Atzo Bilboko Arriaga plazan sektoreak bizi duen asistentzia falta eta lan baldintzak salatzeko egun osoko mobilizazioa egin zuten.
Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kalitatean ematen ari den galera salatu dute oraingoan ere langileek. Asistentzia arloari dagokionez egin beharreko lanak handitzen diren bitartean, prestazio orduak jaisten dira. Gainera lan eskubideen galera eta 8 urteko soldata izozketa ere salatu dituzte.
Bizkaiko udaletako gobernu taldeak eta patronalak egoera honen arduradun zuzenak direla azpimarratu nahi izan dute, batzuk "mozioak interes partidistetan erabiltzeagatik" eta besteak "negoziazioarekiko duten interes faltagatik".
Hirugarren greba egun honetan Arriaga plazan egun osoko elkarretaratzea egingo dute, sektoreak bizi duen egoeraren berri emateko batetik, eta duten programazioa aurrera eramateko bestetik.