Langileen osasuna arriskuan jartzen ari dela salatu du euskal gehiengo sindikalak, izan ere, oinarrizko zerbitzuetan diharduten langileak "beren osasuna bermatzeko neurri prebentiborik gabe ari dira lanean". Halaber, oinarrizko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileen osasuna kaltetua izango dela adierazi dute: "lanera joatera behartuta baitaude".
Sindikatuen arabera, osasuna ez da egun arriskuan jartzen ari den bakarra, bada, asko dira egunotan kolokan geratzen ari diren lanpostuak eta ondorioz, lan baldintzak, "jada hasi dira behin behineko kontratuak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen eta milaka ERTE tramitatu dituzte inongo negoziaziorik gabe".
Horiek horrela, osasuna, enplegua eta lan baldintzak lehen lerroan jartzea eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Confebaski eta CENi. Oinarrizko zerbitzuetan beharrezkoak eta efektiboak diren neurri prebentiboak ezartzeko, enplegua eta lan baldintzak bermatzeko eta oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera uzteko besteak beste.
Horretarako, lan zentroetan, bakoitzean dituzten aukera eta medioak erabiliz mobilizatzeko deia egin diete langile guztiei, geldialdiak, elkarretaratzrak, argazkiak eta burrunbak eginez.