Ikasturte amaierara begira ikastetxeetara itzultzeko plana aurkeztu du Hezkuntza Sailburuak joan den astean.
Honen arabera, lehenak batxilergoko bigarren mailako ikaslea izango dira baita Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako bi mailetako ikasleak eta Lanbide Heziketako oinarrizko eta erdiko mailetako bigarren mailako ikasleak; horiek guztiak maiatzaren 18an ikastetxeetara itzuli beharko dira.
Maiatzaren 25ean ordea ikasle gehiagok egingo dute itzulera: batxilergoko lehen mailako ikasleak, Lanbide Heziketako oinarrizko eta erdiko mailetako lehen mailako ikasleak eta DBHko laugarren mailako ikasleak.
Negoziatu eta landu gabeko plana dela salatu dute sindikatuek, izan ere, ez dira ikasle eta langileen osasuna bermatzeko baldintzak ematen eta ondorioz plana motz geratzen diren segurtasun irizpide orokor batzuk jasotzera mugatzen dela adierazi dute.
Horrela, planean agertzen diren neurriak ikastetxeekin landu gabe eta neurri horiek abian jartzeko baliabideak aurreikusi gabe aurkeztu ondoren, maiatzaren 18an itzulera abian jartzea guztizko arduragabekeritzat jo dute sindikatuek eta Hezkuntza Sailari langileen ordezkariekin eskoletara presentzialki bueltatzeko baldintzak negoziatzeko eskatu diote.
Itzulera planak erakusten duen "inprobisazioa eta prezipitazioa" kontuan hartuta, erantzun bateratuago bat emateko aukerak aztertuko dituzte ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek, hezkuntzako eragile desberdinekin harremanetan jarriz.