Bilboko Maizterren Sindikatua sortu dute

uriola.eus 2020ko mai. 21a, 17:09

Bilboko etxebizitzen problematikari aurre egitea du helburu sortu berri den Bilboko Maizterren Sindikatuak.

COVID-19ak sortutako krisialdiak gehiengo sozialarengan ondorio larriak eragin dituela adierazi du sortu berri den Bilboko Maizterren Sindikatuak. Horrenbestez azaldu du "enpleguaren esferaz haratago (kaleratzeak, ERTEak, lan eskubideen kontrako erasoak...)" etxebizitza duinerako eskubideen urraketa ere ematen ari dela, "alokairuak ordaintzeko ezintasunaren forma hartzen duena kasu askotan".

"Koiuntura honetan, hain zuzen ere, bizilagun askok ezin diote etxebizitzaren errentari aurre egin. Osasun krisiak kalitatezko osasungintza publikoaren beharra agendan jartzeaz gain, ura edo elektrizitatea bezalako oinarrizko eskubideetara sarbidea ematen digun etxebizitza duin baterako beharra ere agerian utzi du." adierazi dute. 

Halaber alokairuen merkatua higiezinen sektorearen apustu estrategikoa bilakatu dela salatu dute, hauen arabera, kapitala metatzen jarraitzeko apustua baita: "funts putreen presentzia alokairura bideratutako etxebizitzetan, alokairuaren merkatuan sortu den burbuila, pisu turistikoen ugaritzea gure auzoetan... Elementu guzti hauek norabide berdina markatzen dute". 

Hori dela eta, sektore prekarioen gehiengoak etxebizitzara sarbidea alokairuen bitartez lortzen duenez, ezinbestekotzat jo dute "maizterren autoantolakuntza sustatzeko eta artikulatzeko tresnak sortzea eta garatzea"; hori da hain zuzen, Maizterrak Bilboren helburu nagusia. 

Azkenik koronabirusak eragindako krisialdi sozialari aurre egiteko "(auto)antolakuntza ezinbestekoa" dela azpimarratu eta taldearen sorrera filosofia horren baitan kokatzen dela argitu dute: "maizterren egoerari aurre egiteko tresna kolektiboak sortzera eta etxebizitza duin baterako eskubide unibertsala bermatzea helburu duen
subjektua artikulatzera eraman gaituen filosofia alegia".