Sarek mobilizazioa deitu du maiatzaren 29an Arriagan

uriola.eus 2020ko mai. 27a, 12:35

"Izan bidea" dinamikarekin bat eginez, herritar oro mobilizatzera deitu du Sarek maiatzaren 29an arratsaldeko 19:00etan Arriaga plazatik. 

"Izan bidea. Ibiltarien sarea" izeneko dinamika berriarekin bat eginez,"etxerako bidea eta elkarbizitzarako bidea elkarrekin" egitera dei egin du Sarek hileko azken ostiralean herriz herri antolatuko diren ekimen ezberdinen bitartez. 

Covid-19ak eragindako alarma egoerak espetxeetako egoera gogortu duela adierazi du Sarek Donostian egindako agerraldian. Hortaz, azken hilabeteetan presoen eta euren senideen egoera muturreko egoeretara eraman izan direla eta, Beatriz Etxeberria eta bere alaba Iratik bizi duten egoera, Julen Atxurra Egurrola euskal presoak jasandako buruko isuria eta Patxi Ruizen egoera ekarri ditu gogora. 

Agerraldian ez dira aipatu gabe geratu besteak beste, gaixotasun larriak pairatzen dituzten 17 presoak edota estatu espainiarrean etxetik 1000 kilometrotik 400 kilometrora dauden presoak. Hala, koronabirusak ezarritako alarma egoerak preso eta senideengan eragin latza izan duela azpimarratu nahi izan du Sarek, urruntze politika dela eta hainbat "motxiladun umek" gurasoak ikusi gabe hiru hilabete eman dituztelako eta COVID-19 gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarritako neurriek espetxealdia "are bortitzagoa bilakatu dutelako". 

Horrenbestez, Espainiako eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legedia behin betiko bertan behera uzteko eskatu du Sarek "egoerak berak erakusten duen urgentziaz".

Horiek horrela, euskal preso guztiak Euskal Herrira ekarri behar direla, larriki gaixo diren presoak askatu behar direla, preso eta senideek dagozkien bisitak berreskuratu behar dituztela eta baldintzak betetzen dituzten presoak etxean egon behar direla aldarrikatu du. 

Hortaz koronabirusak sortutako urgentzia dela eta, mobilizazioa deitu du sarek ostiralean hainbat herritan. Bilboko mobilizazioa arratsaldeko 19:00etan abiatuko da Arriaga plazatik. Gainera, Etxeraten ohiko elkarretaratzeak, hileko azken ostiraletan egin ohi dituztenak herri guztietan berriro gauzatuko direla azaldu dute.