Bilboko Poza kaleko Simply supermerkatuko 9 langileak arriskuan daudela jakitera eman dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Salatu dutenez, Auchan-Alcampok (Simplyk) abiatu duen operazioak alde batera utzi ditu denda honetako langileak "azalpenik eman gabe eta etorkizunik gabe utziz".
Denbora igaro da Auchan Alcampok BMri 11 Simply denda saldu zizkionetik. Orain Bizkaian gelditzen diren 11 dendetatik 10 Eroskiri saltzeko operazioa abian jarri du, Bilboko Poza kaleko denda behin betiko itxiz.
Kexu dira bertako langileak, adierazi dutenez, urteak daramatzate murrizketak pairatzen eta denda ixteko mehatxuak jasotzen. "Mobilizazioa beste irtenbiderik ez digute uzten, azalpenak eta ukatzen ari zaizkigun etorkizuna eskatzeko."
Mobilizazioa maiatzaren 29an, bihar, egingo dute, goizeko 12:30ean Autonomia kaleko 53. zenbakian dagoen Simply supermerkatuaren aurrean.