Mailegu eta itzulketetarako irekiko dituzte gaurtik aurrera Bilboko udal-liburutegiak

uriola.eus 2020ko eka. 1a, 10:12

Segurtasun protokolo zorrotzekin zabalduko dituzte gaurtik aurrera Bilboko udal-liburutegiak, soilik mailegu eta itzulketa zerbitzuetarako. 

Zerbitzu murriztuarekin ireki dituzte gaur Bilboko udal-liburutegiak. Segurtasun neurrien arabera oraingoz erabiltzaileak ezingo dira liburutegietan geratu ezta apalategietako materiala kontsultatu ere. Horrela, gaurtik aurrera soilik mailegua eta dokumentuen itzulketa zerbitzuak berraktibatu ditu Bilboko Udalak. 

Mailegu fisiko bat eskuratu nahi duen orok aurreko egunean liburutegira deitu edota posta elektroniko bat bidali beharko du. Ostera, eskatutakoa jasotzera hurbiltzeko dei egingo die hurrengo egunean liburutegiak. Segurtasun neurriak direla eta, soilik mendekotasuna duten lagunak hurbildu ahalko dira beste pertsona batengatik lagunduta. 

E-Liburutegia

Koronabirusak eragindako krisialdiaren ondorioz martxoaren 13tik aurrera liburutegien jarduera presentziala bertan behera gelditu zen. Ondorioz, liburu eta filmen mailegu digitalak asko handitu dira azken hilabeteetan. Adierazitakoaren arabera, martxoan plataforma digitalak mila erabiltzaile berri baino gehiago bildu zituen Bilbon.

Liburutegien ordutegiei dagokionez, arreta ordutegiak ikusgai daude hemen eta gainerako zerbitzuak eta atalak ireki ahala informazio eguneratua webgune horren bitartez eskainiko da.