'Teknikariok' ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien sindikatua jaio da

uriola.eus 2020ko eka. 11a, 15:44

Gaur goizean Bilborocken egindako agerradian azken hilabeteetan pairatutako "erakundeen abandonua eta langabeziaren igoera larria" salatu ditu laster sindikatu bilakatuko den Teknikariok kolektiboak

Koronabirusak eragindako krisialdiak kolokan jarri ditu guztiz ekitaldi eta ikuskizunetako teknikarien bizitzak. "Egoera guztiz aldatzeko" aurkeztu dute gaur Teknikariok kolektiboa, ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek osatutako elkartea hain zuzen. 

Sektorearen erregulazioa defendatzeko eta langileak babesteko sortu den elkarteak azken hilabeteetan pairatutako "erakundeen abandonua eta langabeziaren igoera larria" salatu ditu.

"Teknikariok, teloiaren atzealdean beltzez jantzita, lan baldintza prekarioekin eta erregulatu barik gaude, milaka orduko jardunaldiekin, langileon estatutua bete barik. Whatsapp-etik kontratatutako autonomoak gara, merkataritza kontratu gabekoak, metalaren hitzarmenera enplegatutako langileak gara. Frogak luzatzen direnean, afaldu barik geratzen garenok. Erregimen erregulatzaile barik gaudenok eta honen ondorioz, gure sektorean gaur egungo prekarietatea jasotzen dugunok. Deskonfinamenduan egonda, estatu alarman sentitzen garenak gara." azaldu dute. 

Horrekin batera joan den astean zuzeneko arteetako elkarteek egindako agerraldia ekarri dute gogora, izan ere, egungo egoera aztertu eta zuzeneko arteetako ia eragile guztiak egon arren, teknikariak falta zirela azpimarratu dute sektorea "ikusezintasunera bultzatuz". "Nahiz eta albistegiak ez ireki, gure hitza entzutea beharrezkoa dela ikusten dugu" gehitu dute. 

Kolektiboak azaldu bezala, aski ondo dakite egoera zaila dela eta hortaz osasun publikoa babesteko neurriak hartu behar direla, hala eta guztiz ere, egoeraren ondorioz instituzioen aldetik pairatzen ari diren abandonua ez dela bidezkoa adierazi dute "ia desagertzeko zorira bultzatzen gaituzte". 

Halaber pandemiak sektoreko langileen egoera latza dela ikustera eraman dituela adierazi dute, eta "ez zaigu batere gustatu". Horregatik, egoera berrian lan baldintzak eta aldizkako langileen berezitasunak kontuan hartu behar direla diote. 

Horrenbestez, teknikarien egoera normaltasunera itzuli arte kulturara zuzendutako diru-laguntzen ehuneko bat mantentzea eskatu dute, eragindako galerak nolabait leuntzeko. Bestetik, bai administrazioari bai Eusko Jaurlaritzari sektorearen baldintzak kontuan hartzea eta orokorrean neurriak ezartzea eskatu diete "egoera txarrera joan baino lehen". 

Inoiz baino bateratuago

Egoera guztiz aldatzeko antolatzen hasi direla azaldu dute teknikariek "gure momentua heldu da, fokoari buelta emango diogu, gu ikusteko, bozgorailua jarriko dugu eta soinu mahaitik bolumena igoko dugu gure ahotsa entzun dadin." Horretarako, bat egin dute ekainaren 12an 12:30ean Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan deitutako elkarretaratzeekin, baita ekainaren 13an hiriburuetatik Lakuara irtengo diren martxekin.