Zazpi bilbotar Eusko Legebiltzarrean

uriola.eus 2020ko uzt. 13a, 10:51

Irudia: Argia

Atzoko hauteskundeen emaitzen ondorioz, Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 legebiltzarkideen artean 7 bilbotarrak dira, orotara %9,3.

Bilboko datuei dagokienez EAJ-PNV izan da Bilbon bozka gehien eskuratu dituen alderdia, EH Bildu bigarren geratu da, guztira 23.974 bozkarekin. 18.972 bozkek PSE-EE alderdia hirugarren postuan utzi dute. 

Jarraitzeko, PP-CS koalizioak 12.577 bozka eskuratu ditu eta Elkarrekin Podemosek, berriz, 11.599. Vox alderdi ultraeskuindarra izan da, Legebiltzarrean ordezkaritza lortu dutenen artean, Bilbon bozka gutxien eskuratu dituena, 3.425 orotara. 

Datu orokorrei erreparatuz gero, EAJ-PNV alderdiak 31 eserleku eskuratu ditu aurtengo hauteskundeetan, 2016ko hauteskundeetan baino hiru gehiago. EH Bildu koalizioak, guztira, 22 ordezkaritza izango ditu Legebiltzarrean, 2016ko hauteskundeetan baino lau gehiago. PSE-EE alderdiak 10 legebiltzarkide lortu ditu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiak, aldiz, sei. PP-Ciudadanos koalizioak bost eserleku izango ditu Legebiltzarrean eta Vox-ek bakarra. 

Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 legebiltzarkideetatik zazpi bilbotarrak dira: EAJko Iñigo Iturrate, Jon Andoni Atutxa eta Nerea Lupardo, EH Bilduko Ikoitz Arrese eta Pazis Garcia, PSE-EEko Idoia Mendia, eta Elkarrekin Podemos-IUko Iñigo Martinez Zaton. Azken hori Arabako zerrendetan aurkeztu da.