Urruntze politikaren amaiera, preso gehienei ezartzen zaien lehen graduaren progresioa ahalbidetzea edota gaixotasun larriak dituzten presoek etxean egon behar dutela aldarrikatu du euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarrak, Izan Bidea dinamikaren bitartez.
Uztailaren 23tik 25era bitartean burututako hirugarren bizikleta itzulia Euskal Herriko herri ezberdinak batu dituen sei etapek osatu dute. Uztailaren 23ko etapa Lekunberrin hasi eta Hernanin amaitu zen, Nafarroa eta Gipuzkoa batuz. Uztailaren 24an berriz, Urduñatik Durangorako bidea egin zuten, Araba eta Bizkaia lotuz. Azkenik joan den larunbatean bizikleta itzuli honen azken lau etapak osatu dituzte, Euskal Herrian dauden lau espetxeetatik hiriburuetara bidea eginez. Bizkaian, Basauriko Espetxetik irten eta Bilbon amaitu zuten, San Mames parean.
Salbuespeneko egoera honekin amaitzeko pausoak ematen jarraitzeko prest agertu da Sare, oro har, "mendekua eta gorrotoarekin amaitzeko, eta elkarbizitza eta eskubideen errespetuan aurrera urratsak emateko". Izan ere, azken sei urte hauetan euskal gizartea konponbidearen eta bakearen alde aktibatzeko lana egin duten arren euskal presoen eskubideak urratzen jarraitzen duten bitartean hori lortzea ezinezkoa izango dela gogorarazi dute.