Euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde Euskal Herriko tontor ezagunenak igoko ditu Sarek urrian

uriola.eus 2020ko uzt. 28a, 12:06

Maiatzean aurkeztutako Izan Bidea dinamikaren baitan, urriaren 3an Euskal Herriko 650 tontor inguru igotzeko deialdia zabaldu du euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarrak. 

Euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde herritarrak batzeko asmoarekin aurkeztu zuen Sarek maiatzean Izan Bidea dinamika, "urratsak emanez, bidea izan gaitezen" lelopean. Zabaldutako datuei dagokionez, gaur egun arte ia 230.000 kilometro egin dituzte, dinamikan izena eman duten 3000 lagunen artean. 

Uztaileko azken astean burututako III. bizikleta martxa amaituta, oraingoan urriaren 3an egingo den ekimen berri bat aurkeztu du Sarek Bilbon gaur goizean. 650 mendi igo eta tontorretara aldarria eramateko apustua zabaldu dute: "ekimen eder eta esanguratsua egitea da gure asmoa, argi erakusteko urratsak emateko prest gaudela, egoera honekin behin betiko amaitzeko". 

Horiek horrela, inoiz egin den tontor igoera bateratu handiena egingo dute Euskal Herrian. Mendizale amorratuak ez ezik, familiak, haurrak, helduak, zahar eta gazteak elkartzeko asmoz guztientzako eskaintza luzatuko dutela aurreratu dute.