Bilbo inguruko mendietan ibilaldia egingo du Izan Bidea dinamikak irailaren 19an

uriola.eus 2020ko ira. 10a, 09:59

Maiatzean abian jarritako Izan Bidea dinamikaren baitan 32,5 kilometroko ibilaldia egiteko deia zabaldu du Sarek Bilboko mendietan zehar.

Euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitza eta bakearen alde, Bilbo inguruko mendiak zeharkatuko ditu Sarek irailaren 19an, larunbata. Ibilaldiak guztira 32,5 kilometro izango ditu eta goizeko 09:00etan Deustuko Euskalduna zubitik abiatuko da. 

Deustutik irten eta goizeko 10:00etan Kastañoseko Funikular plazara helduko da. Ostera, Artxandako bidea hartu eta Pikotamenditik igaroko da ibilaldia. Eguerditik aurrera, Monteabril zeharkatu eta martxak Otxarkoagatik behera egingo du eguerdiko 14:00etan Abusura heldu arte. 

15:15ean Pagasarriko aparkalekura helduko da eta 17:30ean Basurtuko Aita Donostia plazara. Bertan kontzentrazioa egingo dute. Geldialdiaren ostean, arratsaldeko 18:00etan, Itsas Museoan, ekitaldi nagusia izango da. 

Euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde herritarrak batzeko asmoarekin aurkeztu zuen Sarek maiatzean Izan Bidea dinamika, "urratsak emanez, bidea izan gaitezen" lelopean.