Osasun publikoaren egoera salatzeko asmoz, hainbat sindikatuk Osakidetzako hiru greba egun deitu dituzte. Deialdiak egingo dira azaroaren 12an Bizkaiko lan zentroetan, azaroaren 5ean Gipuzkoakoetan eta urriaren 29an Arabakoetan.
LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek argitaratutako agiriaren arabera, nahiz eta osasun publikoan egiturazko arazoak eduki, Osasun Sailak eta Osakidetzak ez dituzte inolako neurririk hartu pairatzen dituzten gabezi larriak arintzeko. "Eusko Jaurlaritzak mobilizazioren bidea baino ez digu utzi", salatzen dute.
Horrez gain, salatu dute EAEko osasun publikoko inbertsioa Europako batez bestekoaren azpitik dagoela, eta gainera, azken urteetan, gutxitu egin dela. Gainera, Covid-19aren osasun-krisiak egoera larriagotu du, baina sindikatuek argi daukate gabezia hauek ez direla birusarekin batera agertu.
Horregatik, adierazi dute ez dela "asmo oneko adierazpenak" egiteko momentua, eta premiazkoa dela osasun publikoaren etorkizuna bermatuko duten irtenbideak abian jartzea.