'La columna infame' antzezlana aurkeztuko du Egiari Zor Fundazioak torturaren aurkako egunean

uriola.eus 2021ko ots. 3a, 09:26

Otsailaren 13an 40 urte beteko dira Joxe Arregi Izagirre Carabanchelgo espetxean pairatutako torturen ondorioz hil zenetik. Ordutik, torturaren aurkako egun bezala ezaguna da egun hau. Egiari Zor Fundazioak Arregi gogoratzeko ekitaldia antolatu du Zizurkilen, eta Bilboko Bizkaia Aretoan La columna infame antzezlanaren irakurketa dramatizatua aurkeztuko du, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz. 

Carabanchelgo espetxean atxilotuta zegoela polizia nazionalaren eskutik jasotako torturen ondorioz hil zen Joxe Arregi 1981eko otsailaren 13an. Egindako kaltea aitortzeko zintzotasun ariketarik egin ez dela salatu du Egiari Zor Fundazioak, eta hortaz, torturak ekarritako ondorioen inguruan bide luzea egiteke dagoela ere azaldu dute fundazioko kideak diren Ixone Fernandezek eta Enkarni Blancok. 

"Torturak Euskal Herrian izan duen eragina argitara ateratzea beharrezkoa da, eta erantzukizun guztiak argitzea, horrenbestetan saihesten diren horiek eta inork bere gain hartu nahi ezi dituenak, hain zuzen ere. Politikariek, epaileek, auzitegi medikuek, poliziek, hedabideek... tortura posible izan zedin jokatu duten papera argitzea beharrezkoa da. Tortura aplikatzerako unean edo horren ondorioz gertatu diren heriotzak argitzea beharrezkoa da"

Ekitaldi nagusia Zizurkilen egingo duten arren, Bilboko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra Etorbidea, 3) La columna infame antzezlanaren estreinaldia egingo dute, 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz, EHUKo Oinarrizko Eskubideak eta Botere Publikoak masterrarekin elkarlanean.