Osasun zentroetan izandako murrizketak salatzeko manifestazioa egin da Bilbon

uriola.eus 2021ko ots. 8a, 10:06

Irudia: Ecuador Etxea

Auzo eragileek, eragile sozialek eta sindikatuek osasungintza publiko baten aldeko manifestazioa egin zuten Bilbon pasa den larunbatean, otsailaren 6an. Osakidetzako Lehen Mailako Arreta Zerbitzuak Bilboko auzoetako osasun zentroetan izandako murrizketak salatu dituzte.

Deustuko EAGko osasun langileek, FAVB-BAEF, Bilboko Elkartasun Sareak, Osaldek, Lehen Arreta Arnasberritzen eta ELA, LAB, ESK, CCOO, UGT eta SATSE sindikatuek deitu dute manifestazioa. “Bilboko auzoetan Osakidetzako Lehen Mailako Arreta Zerbitzuaren indartzearen beharra eta inbertsio handiagoa”, aldarrikatu dute.

Instituzioek Deustuko gaueko EAG zerbitzua ixteko erabakia atzera botatzea eskatu dute, ospitaleko larrialdien saturazioa ekarriko duela eta osasun publikoaren murrizketen adibide dela argudiatuz.

Gainera, arreta telefonikoa lehenesteak zenbait kasutan, arreta presentzialaren kalitatea bertan behera uztea suposatu duela adierazi dute. Haien ustez, txertaketa kanpaina “modu deskoordinatu eta desordenatuan” egiten ari da eta osasun langile gehiago ez kontratatzeak, kanpainaren atzerapena eta osasun zentroen saturazioa suposatzen du. Horrekin batera, osasun langileen edo egoera ahulean dauden pertsonen txertaketa aurretik, goi karguak txertatu izanaren aurka ere agertu dira.

Azkenik, osasun arreta eredu berri bat aldarrikatu nahi izan dute, Osakidetzako Lehen Mailako Arreta indartzea eta Bilboko auzoetako osasun zentroei baliabide gehiago eskaintzea, hala nola, kalitatezko “arreta presentzial integrala, deszentralizatua eta hurbila”.