Deustuko EAGren itxieraren aurka manifestazioa deitu dute larunbat honetan

uriola.eus 2021ko ots. 3a, 12:46

Azken hilabeteetan Bilboko osasun zentroetako lehen mailako zerbitzuek jasan dituzten murrizketak salatzeko manifestazioa egingo dute larunbatean eguerdiko 12:00etan Eusko Jaurlaritzan.

Deustuko EAGko osasun langileen ordezkariek, BAEFk, Osaldek, Bilboko Elkartasun Sareak, Lehen Arreta Arnasberritzen taldeak, eta SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK sindikatuek manifestazioa deitu dute otsailaren 6an, larunbata eguerdiko 12:00etan. 

Auzoetako osasun zentroetako oinarrizko zerbitzuetan egiten ari diren murrizketak agerian jarri eta salatzea du helburu manifestazioak, izan ere, azken hilabeteetan Abandoko edo Mesedeetako pediatria zerbitzua lekuz aldatzeko zein Deustuko EAG zerbitzua kentzeko asmoa adierazi du Osakidetzak. 

"Kezka" adierazteaz gain, hartutako erabakiek osasun publikoa murriztea ondorioztatzen duela azaldu dute, hau izanik "baldintza berdinetan osasun eskubidea bermatzen duen bakarra".

Era berean, COVID-19ak baldintzatutako testuinguru honetan, ezinbestekotzat jotzen dute osasun publikoa indartzea eta prebentzioan eta oinarrizko laguntzan inbertitzea. Auzoetako eta zerbitzuetako Osasun Zentroen bidez (adibidez, Deustuko EAG), zerbitzu hurbila eta integrala bermatzeaz gain, "ezinbesteko tresna da komunitatearen osasuna artikulatzeko".

Deustuko EAG zerbitzuaren itxieraren harira,  hartutako neurriak berriz ere aztertu ditzan eskatu diote Osaskidetzako zuzendaritzari, baita oinarrizko arretaren baitan egindako beste murrizketak ere. 

Asteazkenero bezala, gaur ere Deustuko osasun zentroaren atarian elkarretaratzea deitu dute 19:00etan, EAGko zerbitzuaren alde.