Pentsiodunek manifestazioa deitu dute otsailaren 13an

uriola.eus 2021ko ots. 9a, 19:09
Irudia: Ecuador Etxea

Pentsiodunek mobiliziazioa deitu dute Moyua plazan otsailaren 13an eguerdiko 12:00etan. Mobilizazio honen bidez, eskatzen dute pentsio-sistemaren diru-sarrerak bermatzea, enplegu nahikoa eta kalitatezkoa sortzea eta Estatuak konprometitutako ekarpenen bidez, pentsio guztien nahikotasuna ziurtatzea.

Toledoko Itunak haien aldarrikapen nagusiak baztertu ditu. Kongresuaren bozketaren ostean, murrizketak ekarri dituzten 2011ko eta 2013ko erreformek indarrean jarraitzen dute eta beste erreforma batzuei ateak irekitzen zaizkie, hala nola, erretiro aurreratua zigortzea, pentsioa kalkulatzeko kotizazio-urteak luzatzea, erretiro-adina handitzea, diru publikoarekin sustatutako pentsio-plan pribatuak eta pentsio minimoa eta alarguntasunarena desnaturalizatu eta murriztea.

Horregatik, Estatuko Gobernuari eta Kongresuari, bai eta EAEko eta Nafarroako gobernuei eta haien parlamentuei ere, haien aldarrikapenak bermatuak izan daitezen eskatzen diete.

1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen dute, batez besteko soldataren %60rekin parekatzeko. Pentsioen balorazioa automatikoa legez bermatzea, gutxienez bizi-kostuaren igoeraren arabera, 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen alderdi atzerakoiak indargabetzea, jasangarritasun-faktorea eta 40 urteko kotizazioarekin erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea eta genero-arrakalarekin amaitzea, alarguntza-pentsioa oinarri arautzailearen %100eraino handituz, besteak beste.

Hori horrela izanda, pertsona eta erakunde sozial eta sindikatuak gonbidatu nahi dituzte datorren otsailaren 13an Moyua plazan egingo den mobilizaziora.