Milaka familia argindarraren fakturari aurre egin ezinik daudela salatu du Bilboko Maizterren sindikatuak

Nerea Cubillo Urkizu 2021ko ots. 17a, 07:43

Pobrezia energetikoaren aurkako Europako eguna da gaur. Honen harira, Bilboko Maizterren sindikatuak milaka eta milaka familiek argindarraren fakturari "aurre egin ezin diotela" salatu du. 

Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunen inguruan Eusko Jaurlaritzak egindako azken inkestaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 200.000 pertsona baino gehiago bizi dira etxean neguko hilabeteetan tenperatura egoki bat mantendu ezinik. 2008. urtetik zifra hori bikoiztu egin dela azpimarratu du sindikatuak eta gainera, "COVID19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz handitzen ari dela". 

"Zentzu horretan, milaka familiek etxebizitzarekiko bizi duten arazoa guztiz erlazionaturik dago pobrezia energetikoarekin, batez ere emakumeen kasuan. Etxe kaleratzeak eta berogailua ezin piztea arazo berdinaren bi aurpegi dira".

Halaber, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak energia eskubidearekiko duten "pasibitateak" eskubidea bera ezinezko bilakatu eta norabide aldaketa bat "beharrezkoa" dela diote sindikatuko kideek, "horniketa eteteen debeku erreala energia sektorearen publifikazioaren eta prezioen kontrolaren eskutik joan behar dira. Etxebizitza duin baterako eskubide unibertsala eta pertsona guztiek energiarako dugun eskubidea guztiz lotuta daude".