Emakumearen Euskal Erakundearen arabera, hainbat lan eremutan gizonezkoen presentzia nagusi izanik, hauek jasotzen dituzten ordainsari osagarriek oraindik gehiago handitzen dute soldaten arteko diferentzia, oinarrizko soldaten gainetik.
INEren “encuesta de estructura salarial” delakoan jasotzen da emakume eta gizonen arteko soldata diferentzia 7.139,50 eurokoa dela, hots, emakumeena 19.771,80 eta gizonezkoena 26.911,40. Diferentzia handienak zerbitzu sektorean ematen direla argitu du erakundeak, “emakume gehien duen sektorea” baita.
“Lanpostuen bereizketa bertikal eta horizontalak zenbait lanpostu konkretuetara bideratzen du emakumea edo lidergo postuetara heltzea galarazten dio”. Horren ondorioz, emakume gehiago dauden lanpostuetan ordainsaria baxuagoa da.
Gainera, askotan emakumeek malgutasun gehiago duten lanpostuak izaten dituztela aipatu du Emakundek, familian dituzten eginbeharrak orekatu ahal izateko. “Oraindik portzentaia handi batean emakumeei egokitzen zaien familia eta etxeko lanaren ardurak galarazi egiten dio sarritan emakumeari lan munduan gizonarekin berdintasunez lehiatzeko aukera.”
Hori dela eta, LAB Sindikatuak, urtero bezala, kontzentrazioa deitu du gaur Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundian goizeko 10:30ean, soldata arrakalaren kontra eta sexuaren araberako lan banaketarekin apurtzeko.