AP-68 autobidearen doakotasunaren aldeko sinadura bilketa abiatu dute

uriola.eus 2021ko ots. 23a, 13:55

AP-68 autobidean dagoen bidesaria doakoa edo diru-laguntzen bidez ordaindua izan dadin, sinadura bilketa hasi dute.

Plataforma honen bidez, Bilbo, Laudio eta Orozkoko geltokien artean EAEn bizi diren ibilgailu guztientzat ibilbide guztiak doan izan daitezen eskatzen dute, %50-eko deskontua Bilbo eta Altube geltokien artean egindako ibilbide guztietan eta %75-eko deskontua lau ardatzen garraio astunerako.

Gainera, geltoki horien artean egindako joan-etorriko ibilbideen doakotasuna edo hobariak eskatzen dituzte Araban eta Bizkaian bizi diren eta jatorri/helmuga bera duten ibilgailu arin guztientzat, autobideko sarrera/irteera berean ordu bat baino gehiagoko eta 24 ordu baino gutxiagoko tartean ibilbide bera egiten badute.

Lanbideren arabera, 50.000 langilek beraien bizilekutik kanpora lanera joateko beharra dute. Araban, lau langiletik bat kanpoan bizi da eta 13.000 lagun baino gehiago Bizkaiatik iristen dira. Arabatik Bizkaiara, berriz, 9.000.

Aiaraldea eskualdetik Bilbora bidaiatzen duen pertsona batek urtean 1.200 euro inguru gastatzen ditu, hau da, bere soldataren %10 eta %12. Bilbotik Gasteizera joateko, berriz, urtean 3.000 euro. Horrela izanda, “bi hilabetetako irabaziak bidesariak ordaintzeko izango lirateke”.

“Gure ustez, eskaerak ez luke inolako kalte ekonomikorik ekarriko enpresa emakidadunarentzat, hobariak foru-aldundiek ordainduko lituzketelako.”