Lau greba egun deitu dituzte ELAk, SATSEk eta SAEk IMQ Zorrotzaurre klinikan

uriola.eus 2021ko mar. 2a, 09:55

Sindikatuek greba deitu dute IMQ Zorrotzaurren martxoaren 18, 22, 23 eta 24an, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko. Adierazi dute enpresak bizi duen ziurgabetasun egoera eta COVID19aren pandemia argudiatuz, duela bi urtetik dituela izoztuta plantillako lan-baldintzak eta soldatak.

ELAren arabera, otsailaren 8an IMQ Zorrotzaurre klinikako hitzarmen kolektiboa sinatzea ekarriko zuen aurre-akordioa lortzeko, enpresa-batzordeak bere azken proposamena aurkeztu zion negozioazio-batzordeari: hitzarmenaren lan-erreforma ezabatzea eta soldaten erosteko ahalmena bermatzea. Batzordeak horren aurrean eman duen erantzuna enpresak erosteko ahalmena galtzea izan da, “KPIaren azpiko soldata-igoerak proposatzen baititu eta ez baititu jasotzen batzordeak eskatutako lan-erreforma ez aplikatzeko bermeak”.

Hiru sindikatuak mobilizatuko dira enpresak proposamenari uko egin dionean eta klinikako langileen batzarrak mobilizazio erabakia babestu du.

Hori dela eta, elkarretaratzeak hasiko dituzte aste honetatik aurrera, "gure hitzarmenaren defentsan, IMQ negoziazioaren alde" lelopean. Martxoaren 18, 22, 23 eta 24an lanaldi osoko grebak egiteaz gain, gaur elkarretaratzea deitu dute langileek Zorrotzaurreko klinikako sarreran, 14:00etan eta hilak 16an, berriz, auto karabana bat ibiliko da Bilboko kaleetan zehar. 

Sindikatuek argitu dute mobilizazioak eta grebak areagotzen joango direla enpresak ez badio "behar bezala erantzuten" batzordeak aurkeztutako proposamenari.