Abian da Loraldia festibalaren zazpigarren edizioa

uriola.eus 2021ko mar. 10a, 10:05

Loraldia festibalaren zazpigarren edizioa hasi da eta dagoeneko eskaini du lehen emanaldia. Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburuari buruzko aurkezpen eta antzezlana egin zuen atzo Mikel Ayllonek Bilboko Itsas Museoan.

Miker Ayllonena ez ezik, beste hainbat ikuskizun izango dira aste honetan.

Gaur, hilak 10, Haizea Martiartu Markinako saxo jotzaile gazteak gidatutako Folketik Jazzera Ensemble-aren kontzertua izango da Arriaga Antzokian arratsaldeko 19:00etan. Aldapeko, Agate Deuna, Oskorriren Aita-Semeak eta Mikel Laboaren Txoria Txori besteak beste, jazz eremura eramango dituzte bederatzi musikari hauek. 

Bihar Beñat Gaztelumendik, Xabier San Sebastianek, Joserra Senperenak, Quico Pugèsek Xabier Lete omenduko dute Loreak eta zauriak emanaldiaren bidez Arriagan arratsaldeko 19:00etan.

Ostiralean Zetak taldeak Zeinen ederra izango den diskoaren ikuskizuna plazaratuko du Arriagako eszenatokian.  Informazio gehiago

Larunbatean, hilak 13, Euskal dantza: tradizio garaikidea? online mahai-ingurua egingo dute Pantxika Telleriak, Oier Araolazak, Patxi Labordak eta Aiert Beobidek 15:30ean. Egun berean, Elirale dantza konpainiak Pantxika Telleriaren koreografia eskainiko du Azkuna Zentroan 12:30ean eta 18:00etan. Azkenik, 18:30ean, Zura eta hura izeneko argazki-proiekzioa, hitzaldia eta idazleen irakurraldia eskainiko dute Itsas Museoan.

Astea amaitzeko, martxoaren 14an, AztiHitza komikiaren inguruko marrazkiak eta jolasak egingo dituzte Agustin Xaho idazlea omentzeko asmoz. Horrekin batera, irakurketa dramatizatua egingo dute musika eta kantua emanez. Itsas Museoan egingo da 12:30ean.