‘Rider’-en lan egoeraren inguruko akordioa lortu dute gobernuak, patronalek eta sindikatuek

Xixili Calvillo 2021ko mar. 17a, 09:56

Produktuak plataforma digitalen bidez banatzen dituzten langileen lan egoera arautuko duen akordioa itxi zuten pasa den asteazkenean Elkarrizketa Sozialerako Mahaian Espainiako Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek.

Ezarritako arauak bi atal izango ditu: enpresak lan baldintzei eragiten dieten algoritmoei eta adimen artifizialeko sistemei buruzko informazioa enpresa batzordeei eman beharko die eta langileak soldatapean egongo dira. Araua idatzi eta tramitatu ondoren, hiru hilabete izango dituzte plataformek langileen egoera arautzeko. 

Riders X Derechos sindikatua ez da gustura gelditu akordio honekin: “Argi utzi nahi dugu proposamen hura gaitzesten dugula, eta gobernuari plataformetako langileak korazatu eta babesteko eskatzen diogu”. Horrekin batera, LABek esan du lortutako akordioa ez dela nahikoa eta akordio ez dituela plataforma digitaletako langileen lan eskubideak bermatzen.

Izan ere, arau horren barruan ez dituzte sartu beste plataformetako langileak. Horren aurrean LABek adierazi du ezin dela rider-etara mugatu, baizik eta “ustezko autonomo guztiak” hartu behar dituela, eta azpikontratazioaren gaitza errotik konpondu. Riders X Derechosek ere bat egiten du horrekin. Sindikatuaren arabera, garrantzitsua da beste edozein arau berri ez izatea soilik rider-ei begira, autonomo faltsuen iruzurra haien sektoretik haratago doalako.

Aurrekariak

Glovo, Uber Eets eta Deliveroo izeneko enpresetan egiten dute lan rider-ek. Enpresa askotako janaria banatzeaz arduratzen dira eta bizikletan edo motorrean egin ohi dituzte banaketak.

Asoriders-ek sindikatuak lan-malgutasuna defendatzen du, eta baliabideak autonomoak direla justifikatzeko berezkoak direla. RidersxDerechos-ek, berriz, adierazten du enpresek erabakitzen dutela zerbitzuagatiko ordainketa. Sindikatu honek banatzaileen egoera arautzen laguntzen du eta horientzako babes sozial handiagoa eskatzen du. Gainera, lan autonomoa defendatzen duten elkarteak banaketa-enpresek bultzatzen dituztela uste dute.

Rider-en lan-egoeraren kontrako borroka 2017an hasi zen. Orain arte, ez da egon Auzitegi Gorenaren epairik rider-ak lagileak edo autonomoak diren zehazten duenik. Horregatik, rider-ek eta enpresek jarrera bakoitzaren aldeko eta aurkako sententziak pilatzen dituzte.