Conde Aresti zaharren egoitzan greba mugagabea deitu dute gaur

uriola.eus 2021ko api. 8a, 11:19

ELA eta CCOO sindikatuek Conde Aresti zaharren egoitzan greba deitu dute gaur, hilak 8, langileei ezarri nahi zaizkien murrizketen kontra.

Sindikatuek jakinarazi dutenaren arabera, enpresako 25 langile zaharrenei %37ko soldataren jaitsiera ezarri nahi diete eta “aldi baterako ezintasunaren osagarria kendu”. Langile horiek enpresan 27 urte daramatzatela adierazi du ELAk eta %44ak 60 urte baino gehiago dituela.

Murrizketa horiek zuzendaritza-taldean eta arduradunen artean ez dutela eraginik izango salatu du sindikatuak. Izan ere, Conde Arestik “arazo ekonomikoak” dituela argudiatu dute langileei murrizketa egiteko. Bitartean goi karguen artean soldatak %20 eta %65 artean igo direla jakinarazi du ELAk.

Enpresa-batzordeak erretiro-adinean dauden langileentzako “irteera-plan pizgarri bat” proposatu dio zuzendaritzari, baina honek akordio horiek lortu arren, murrizketen proposamenarekin jarraituko duela esan du.

Hori horrela izanda, batzordeak greba mugagabea egingo du gaurtik, akordio batera iritsi arte.