EAEko sektore publikoan greba deitu dute sindikatuek apirilaren 22an

uriola.eus 2021ko api. 9a, 10:17

ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek greba deitu dute sektore publikoaren alde apirilaren 22an. Honen bidez, sektoreko behin-behineko langileen postuak finkatzea eskatu nahi dute.

EAEko administrazioetan enpleguaren egoera gero eta “kezkagarriagoa” dela adierazi dute sindikatuek eta eragina duela langile publikoen lan-baldintzetan. Sektore publikoa eta bertako langileen postuak sendotzeko nahia da haien helburu nagusia, azken urteetan asko izan baitira pribatizatu dituztenak.

Sindikatuen arabera, “behin-behinekotasunaren abusua hainbat faktoreren ondorioa da”. Azken urteotan deitutako LEPak nahikoak ez direla salatu dute eta horrekin batera, “programa-kontratuekin egiten den iruzurra" ere, besteak beste.

Lanpostuen zerrendak eta egiturazko plantillak handitzea aldarrikatu nahi dute. "Urte hauetan guztietan enplegu publikoko arazoek, konpondu beharrean, okerrera egin dute”, diote sindikatuek.

Administrazioei pribatizazioen politika amaitzeko eskatzen diete. Bestalde, “plantillak gaztetzeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko plan bat ezinbestekoa” da haien ustez.

Hori dela eta, apirilaren 22ko greban “proposatutako mobilizazio dinamika bateratuan parte hartze aktiboa” izatera dei egiten dute.