Uribarriko Limpiezas Arana - Fernandez Aguilar enpresaren aurka langile batek egindako salaketaren harira, Bilboko Langile Autodefentsa Sareak lan gatazka abiatu zuen azaroa amaieran. LASen arabera, enpresa honek erdi-esklabutza egoeran mantentzen ditu hainbat emakume langile, "kontraturik gabe eta babesgabetasun egoeran".
Lan gatazka abiatu eta denbora gutxira, jabeak LASen aurka jarritako salaketaren harira, estortsio jarraitua egotzita sei militante atxilotu zituen Espainiako poliziak, kaltetutako langilea barne. Langile klaseari egindako eraso baten aurrean aurkitzen direla salatu du sareak, "hainbeste gehiegikeriaren aurrean ezetz esan eta sistema honen baitan isolatuak eta baztertuak aurkitzen diren hoiekiko elkartasun erantzunak antolatzeagatik jasotako erasoa".
Joan den ostiralean abian jarritako kanpainak errepresio hori ikustera ematea du helburu, baita langile klasearen sektore ezberdinen arteko elkartasuna bultzatzea. Horretarako, hainbat eragile politiko, antolakunde eta sindikatu bat egin dute kanpainarekin, eta Bilbo zein Euskal Herritik atxikipen gehiago jasotzeko asmoz, korapiloa askatu izena duen webgunean argitaratutako manifestura atxikimendua adierazteko aukera zabaldu dute.
Sakatu hemen manifestua irakurtzeko
Epaiketa
Otsailean atxilotutako 6 kideak deklaratzera deituak daude ostegun honetan, apirilak 15 eguerdiko 12:00etan. Haiei babesa emateko kontzentrazioa deitu du Bilboko Langile Autodefentsa Sareak Buenos Aires kaleko epaitegietan.