Bilbo ez da Eurokopako egoitza izango

Nerea Cubillo Urkizu 2021ko api. 21a, 20:44

Espainiako Futbol Federazioak San Mamesen ospatzekoak ziren Eurokopako partidak lekualdatzea erabaki du. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak agiri bat argitaratu dute UEFAk hartutako erabakia aldebakarrekoa dela esanez.

Dagoeneko iragarri dira Eurokopa ospatzeko egoitzak eta Bilbo zerrenda horretatik kanpo geratu da. UEFAk hasieratik argi izan du publikorik gabe Eurokoparik ez dagoela, eta joan den astean Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintzek ondorioztatu dute San Mamesen jokatzekoak ziren partidak Sevillako La Cartujara lekualdatzea. 

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak joan den astean San Mamesen zaleak sartu ahal izateko baldintzak argitaratu zituen: 100.000 biztanleko 40ko intzidentzia tasa izatea, ospitaleetako okupazioa %8tik beherakoa izatea eta txertatutakoen kopurua %60tik gorakoa izatea. Baldintza horiek bi hilabete barru bete beharko lirateke. UEFAri ordea zorrotzegiak iruditu zaizkio baldintza hauek, Luis Rubialesek, federazioko lehendakariak joan den astean iragarri zuen "zailtasun handiak" ikusten zituela Bilbon Eurokopa ospatu ahal izateko. Sevillak bere aldetik La Cartujan zaleak sartzeko aukera baieztatu du. 

Eurokopa honi ez!

2019an aurkeztu zuten Bilbo Eurokoparako egoitzetako bat bezala, eta ordutik iritzi ezberdin asko izan dira Eurokopa Bilbon ospatu behar izatearekin. Adibidez, Bilbo egoitza bezala iragarri eta denbora gutxira, Eurokopa honi ez! dinamika sortu zuten Bilbon. Azken bi urteetan hainbat mobilizazio eraman ditu aurrera dinamikak, "Euskal selekzioari ofizialtasuna ukatzen zaion bitartean, gure zapaltzaile zuzenak diren Espainiako eta Frantziako Estatu burgesen selekzioek Bilbon jokatzeko aukera izango dutela" salatuz. 

Beste iritzi batzuk 

Gaur arratsaldean UEFAk Bilboko Eurokopako egoitzaren inguruan hartu behar duen erabakiaren balorazioa egingo du EH Bilduk, hala ere, joan den hilean Jone Goirizelaiak EH Bilduko bozeramaileak ekitaldi "arriskutsutzat" hartu zuen "bizi dugun egoera zaila kontuan hartuta". Gainera, alkateak Bilbo Eurokoparen egoitza izan dadin egiten duen etengabeko apustua ere gaitzetsi zuen. 

Andoni Ortuzarrek, EBBko lehendakariak joan den astean irratian egindako adierazpenen arabera, Eurokopa Bilbon ospatzea nahi du baina "ez edozein preziotan".

Iñigo Urkullu lehendakariak ere hizpide izan du Eurokopa Euskadi Irratian eta honen arabera, kirol ekitaldi batean zaleak egotea baimentzeko irizpideak "osasun arlokoak besterik ez dira".