Ertzaintzaren jarrera salatzeko mobilizazioa deitu du gaur ere Ernai Gazte Antolakundeak Bilbon

uriola.eus 2021ko mai. 8a, 11:01

Irudia: Ernai Bilbo

"Larrialdi egoeran gaude" lelopean manifestazioak egin zituen atzo arratsaldean Ernaik lau hiriburuetan. Bilbon eta Gasteizen zortzi pertsona atxilotu zituzten eta Ertzaintzak eragindako lesio eta zauriengatik atxilotuetatik bi ospitalera joan behar izan zirela argitu du antolakundeak. 

Gazteria larrialdi egoeran dagoela salatzeko irten ziren atzo ehundaka pertsona kalera. "Ez lanik, ez emantzipatzeko eskubiderik, ez ikasketak modu duin eta doakoan" egiteko aukerarik ez dutela argi utzi zuten Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean egindako mobilizazioetan. 

Bilboko mobilizazioan zazpi pertsona atxilotuak izan ziren eta Gasteizen ordea, bat. Beste behin gazteak kriminalizatuak eta jipoituak izan direla salatu du manifestazioen biharamunean Ernaik, eta Ertzaintzak atzo izandako jarrera "oldarkorraren" aurka egiteko, Arabako eta Bizkaiako hiriburuan gaur ere mobilizatuko direla adierazi dute. Bilboko elkarretaratzea arratsaldeko 19:30ean Moyua plazan izango da. 

Manifestazioaren inguruan gure komunitateko kidea den Mikel Aiartzaguenak iritzi artikulu hau plazaratu zuen joan den ostegunean. Hemen duzue irakurgai.