Merkataritzako langileek pairatzen duten egoera salatzeko manifestazioak deitu dituzte EAEko hiru hiriburuetan LABek eta ELAk ekainaren 25ean. Izan ere, azken hilabeteetan Inditex, H&M eta El Corte Ingles enpresek "dendak ixteko, bertan lanean urteak daramatzaten pertsonak langabezira konderatzeko eta lanaldi murrizketen bidez enplegua prekarizatzeko" prozedurak martxan jarri dituztela salatu dute sindikatuek.
Igorritako datuen arabera, azken hilabeteetan "Inditexek 3.800 milioi euroko irabazi garbia lortu duen arren lau hilabeteetan 23 denda itxi ditu Hego Euskal Herrian". Antzeko zerbait gertatzen da El Corte Ingles enpresarekin, "310 milioi euroko irabaziak izan baditu ere, Estatuan ia 3.300 langile kaleratzea" planteatu baitu.
Aldi berean auzoetako saltoki txikiak pertsianak ixtera behartuta daudela gogoratu dute, "korporazio handien eta plataforma digitalen abiaduraren ondorioz". Egoera honen aurrean patronalari dei egiten diete sindikatuek, "enplegua eusten lagunduko den negoziazio elementuei heltzeko".