80 egun daramatzate greban Bilboko Argiak enpresako langileek

Nerea Cubillo Urkizu 2021ko uzt. 14a, 13:57

Martxoaren 29an abiatu zuten lanuztea, enpresako arduradunak langile bat "bidegabeki" kaleratu zuenean. Ia lau hilabete hauetan hainbat mobilizazio egin dituzte ELA, LAB eta CCOO sindikatuen babesarekin. 

Joan den martxoaren 5ean Bilboko Argiak enpresak Gabriel Benitez langilea kaleratu zuen, ustez "diziplina neurriak urratzeagatik”. Langilea berriz kontratatua izan dadin eta langile guztien lan-baldintzak hobetu daitezen 80. eguna bete dute gaur greban.  

Sindikatuek eta langileek igorritako informazioaren arabera, Benitezek enpresako arduradunarekin senideak bisitatzeko oporrak hitzartu zituen eta "egun batzuen buruan, ordea, eta inolako argibiderik jaso gabe, ordezkariak opor egun horiek ukatu zizkion langileari eta enpresatik kaleratu zuen dizplina neurriak urratzea leporatuta eta argudio faltsuak erabiliz". 

Kaleratzea gertatu zenean enpresaren hitzarmen kolektiboa negoziatzeko bidean zeudela gogoratu dute sindikatuek eta ondorioz langileen aurkako errepresalia bat izan daitekeela ohartarazi dute.

Aldi baterako enpresa elkartea da Bilboko Argiak. Bedian du egoitza eta guztira 49 langile dira bertan lan egiten dutenak. Bilboko Udalak azpikontratatutako enpresa hiriko argiztapenaren mantentze lanetaz arduratzen da gaur egun. 

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deitutako grebak jarraipen handia izan du azken hilabete hauetan, hala eta guztiz ere, aurrean duten enpresa negoziatzeko prest ez dagoela salatu dute behin eta berriro. Hiriko kaleetan zehar hainbat manifestazio egin dituzte lan baldintza duinen alde eta azken hilabete hauetan asteazkenero kontzentrazioak egin dituzte Bilboko udaletxearen parean. Halaber, akordio batera iristeko prest agertu dira Bilboko Argiak enpresako langileak, alabaina kaleratutako langilea onartu arte eta enpresak negoziazio bide bat irekitzeko prestutasuna azaldu arte greban jarraituko dutela adierazi dute.

Gutxieneko zerbitzuak

Greba dela eta, ordezkariek ezarritako gutxieneko zerbitzuei "muzin egin dietela" salatu dute langileek. Elorrieta kalean hasitako obrak adibidez, Bilboko Argiak enpresako langileek hasi zituzten arren, enpresa elkartetik kanpo dagoen beste enpresa batek amaitu ditu "gutxieneko zerbitzuetan egin ezin diren lanak eginez". 

Barrakak

Abuztuaren 16tik 31ra bitartean barruti bakoitzean bizpahiru barraka jartzeko Bilboko Udalak hartu duen erabakiaren aurrean ere kezka azaldu dute argiztapen publikoko langileek, “jarduera horiek egiteko kontratatutako langileak egun greban daudelako, gatazkaren inolako konponbide izpirik gabe”. Hortaz, halako erabakien aurrean gardentasuna aldarrikatu dute.

Azken 80 egun hauetan zuzendaritzak ez du akordioaren aldeko jarrerarik erakutsi eta langileen ordezkariekin biltzeari uko ere egin dio. Horrez gain, Bilboko alkateari eta Kepa Odriozola zinegotziari erantzukizun falta egotzi diete grebalariek  "Udalaren kontrata bat gara, argi eta garbi udala da egoera guzti honen arduraduna".