Salbuespen egoerarekin behingoz amaitzeko eskatu du Etxeratek

uriola.eus 2021ko uzt. 15a, 18:02

"Aurrerapauso" bat da Andaluziako espetxeetan euskal presorik ez egotea. Hala ere, senideen ustez oraindik badira Espainiako Gobernuak alboratu beharreko inertzia eta portaerak. 

Agerraldia egin dute gaur goizean Bilboko Areatzan 32 euskal preso politikoren senitartekoek. Azkenaldian gertatu diren presoen lekualdatzeak Espainiako Gobernuaren ekimenez eman direla onartu duten arren, azaldu dute oraindik badirela gobernuak hartu beharreko erabakiak. Izan ere, "oraingoz Espainiako Estatuari ez zaio borondate politikorik ikusten indarrean dauden portaera ezberdinak ezabatzen hasteko eta iraganeko inertziak alboratzeko". 

Etxeratek igorritako datuen arabera, Euskal Herriko espetxeetatik kanpo oraindik 126 preso aurkitzen dira gaur egun "euskal espetxeetan egon beharko luketenak". Halaber, Euskal Herrian aurkitzen diren 60 presoek "hirugarren graduan egoteko baldintzak betetzen dituzte". Horrez gain, larriki gaixo aurkitzen diren 19 preso daude eta 70 urte baino gehiago dituzten beste 9.

Datuekin amaitzeko, gogoratu dute presoen kolektiboa osatzen duten 207 kideetatik 60k datorren urtean zigorraren hiru laurdenak beteta izango dituztela eta askori Frantzian betetako zigorra ez zaiela kontuan hartzen ari. 

Testigantzak

Gaur goizean Bilbon elkartu diren senitarteko guztien izenean mintzatu dira Nekane Basauri, Joseba Arregi presoaren bikotekidea, eta Txusa Etxeandia, Egoitz Cotoren ama. Arregik 30 urte daramatza espetxean eta Cotok aldiz, 20. Bi senideek egun presoei ezartzen zaizkien neurriak "tokiz kanpo" daudela azpimarratu eta bi presoei zein beste guztiei lege arrunta "behingoz" aplikatzeko eskatu dute "justiziaren aldetik tratu humanitarioa jasotzeko eta etxean egoteko".