Argindarraren garestitzearen aurka mobilizatuko da berriz ere Bilboko auzo mugimendua ostegunean

Nerea Cubillo Urkizu 2021ko urr. 4a, 15:37

Urriaren 7an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan Iberdrola dorretik abiatuta Bilboko kaleak zeharkatuko dituen mobilizazioa deitu dute Ekologistak Martxanek eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, mugimendu ezberdinetako elkarte eta eragileen babesarekin. 

Irailean bezala, oraingoan ere "no al tarifazo de la luz. Energia eskubidea da" lelopean mobilizatuko da etzi Bilboko auzo mugimendua. Euskadi plazatik abiatuko dute manifestazioa, "gobernuak neurri batzuk hartu baditu ere, argiaren prezioak marka historikoak ezartzen jarraitzen duelako". 

Azken asteetan inoiz izan den preziorik handiena izan du argindarrak, megawatt-orduak 150 euroak gaindituta. Deitzaileek gaurko agerraldian gogorazi duten bezala, igoera horrek "gizarte osoa zeharkatzen du, jarduera, ondasun eta zerbitzuen prezioei zuzenean eragiten dielako". Halaber, argindarraren garestitzea gizarte osoari eragiten badio ere, pobrezia energetikoa emakumeek batez ere pairatzen dutela adierazi dute "bizitza duin bat garatzeko zailtasuna areagotuz". 

Hori guztia dela eta, oligopolio elektrikoa salatzeko beharra azpimarratu dute, baita neurri ezberdinen bitartez argiaren prezioaren igoera gelditzeko. Bi elkarteek neurri horietako batzuk aipatu dituzte gaur, besteak beste, energiaren merkatua erreformatzea, sistema elektrikoa publifikatzea eta pobrezia energetikoa ekiditeko neurri espezifikoak onartzea. 

Energia eskubide gisa aldarrikatzearekin batera gogoratu dute ostegun honetan kalera irtengo direla, dagoeneko aldarrikapen hauetara gehitu diren Bilboko beste hainbat eragilerekin. Manifestazioa arratsaldeko 19:00etan abiatuko da Iberdrola dorretik.