Novaltiak langileen greba eskubidea urratu duela ebatzi dute epaileek

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 14a, 10:28

Novaltiako langileak Laudion egindako elkarretaratze batean. / Aiaraldea.eus

Bilboko lan arloko zazpigarren epaitegiak arrazoia eman dio ELA sindikatuak aurkeztutako helegiteari, eta Novaltia enpresak langileen greba eskubidea urratu duela ebatzi du. Botika banaketa enpresako beharginek 800 egun baino gehiago daramate greba mugagabean.

Bilboko lan arloko zazpigarren epaitegiak ontzat hartu du ELA sindikatuak aurkeztutako helegitea, eta Novaltia enpresak langileen greba eskubidea urratu duela ebatzi du. 

ELAk auzitara eraman zuen Novaltia 2021eko martxoan lan hitzarmenean egindako hiru pisuzko aldaketengatik. Epaileek arrazoia eman diote sindikatuari, eta botika banaketa enpresak egindako lan-ordutegien aldaketak greba eskubidearen aurka jotzen duela ondorioztatu dute. Horrenbestez, Novaltiak martxoan egindako hiru aldaketetako bi baliogabetu dituzte.

Bilboko lan arloko zazpigarren epaitegiak ez du ELAk salatutako lan-hitzarmeneko hirugarren aldaketa baliogabetu. Hain zuzen ere, aldaketa horren arabera, greba egiten ez duten langileek 300 euroko lan-sari berezia jasotzen dute hilero. Auzitegiak uste du hori beste era bateko prozedura batean ebatzi beharreko gaia dela. ELAk ez du baztertzen helegite berri bat aurkezteko aukera.

812 greba egun

Novaltiako langileek 812 egun daramatzate greba mugagabean lan baldintzen hobekuntza eskatzeko. Bi urte luze hauetan enpresak uko egin dio grebalariekin negoziatzeari. Aiaraldean ere oihartzuna izan du lan-uzte luze honek, grebalariek hainbatetan egin baitituzte elkarretaratzeak eskualdeko farmazien aurrean, establezimendu horiek lan-gatazkan duten erantzukizuna salatzeko:

 

Albiste hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commons  BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.