uriola.eus

Lan eta pentsio erreformen aurka kalera aterako da gehiengo sindikala

  Ekonomia-Lana  Bilbo

Abenduaren 1ean mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, ELA, LAB, STEILAS, HIRU, ETXALDE, CGT eta CNT sindikatuek deituta. Hainbat gizarte eragileren atxikimendua du deialdiak

Sindikatuek eta herri mugimenduen ordezkariek prentsaurreko bateratua egin dute goizean Alde Zaharreko La Bolsa eraikinean, herritarrak abenduaren 1ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzeko asmoz. Ernai gazte mugimenduko eta Bilgune Feministako kide bana arduratu dira manifestuaren berri emateaz. Bilboko mobilizazioa 11:00etan abiatuko da udaletxetik.

Covid-19aren osasun krisiak herritarren bizi baldintzetan izan dituen ondorioak azpimarratu dituzte eragileek: "Pandemiak azkartu egin ditu jada bizi genituen krisi anizkoitzak eta sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak are gehiago sakondu dira". Horri lotuta, botere ekonomiko eta politikoari "kapital metaketari eusteko erabakiak inposatu" izana leporatu diote, eta hemendik aurrera gauzatuko diren politikek ildo beretik jarraituko dutela aurreikusi dute.

Lan arloari dagokionez, "enplegurako baldintza duinak bermatzeko ordua" eta "lan guztiak aitortu eta banatzekoa" dela aldarrikatu dute. Bestalde, "pentsio duinerako eskubidea" ere aldarrikatu dute: "Genero arrakalarik gabeko pentsio sistema, eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala". Beraz, burujabetzaren aldeko mezua ere zabaldu nahi izan dute.

"Gutxi batzuen diru eta botere gosearen gainetik, pertsona guztien bizitzak, gure herriaren eta planeta beraren biziraupena erdigunean jarriko dituzten neurri politikoak aldarrikatzen ditugu", adierazi du Ernai antolakundeko Manu Martinezek. Hala, irmo azaldu dira gizarte arloko murrizketen aurka, eta aldaketa sakonerako beharra nabarmendu dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa